AMAIERAKO POSTA

Kaixo! Antza denez, iritsi gara ikasturte amaierara, eta honekin batera blogaren itxierara. Azken post honetan ikasturtearen (lauhileko honena, batez ere) nondik norakoari buruzko hausnarketa bat egingo dut. Beraz, moduloko lana, izan ditugun hitzaldiak,… buruz arituko naiz gaurkoan.


Dagoeneko badakizuen bezala, ANIZTASUNA lantzen aritu gara ikasturtearen bigarren zati honetan. Hasieran nahiko galduta aurkitu nuen neure burua, gaia oso orokor eta zabala baita, baina denbora pasa ahala, hitzaldietara joanez, tailerrak eginez eta irakasleen laguntzaz, aniztasunari buruzko aurreiritziak alde batera utzi eta ideia/pentsamendu berriak eraikitzeko aukera izan dut.


Moduloko lanari dagokionez, nire taldekideek eta nik MELAU taldea osatu dugu, eta egia esan oso gustura ibili naiz haiekin lanean. Asko ikasi dut haiengandik, izan ere, nahiz eta denok oso desberdinak izan, elkarrekin lan egiten ikasi dugu, bakoitzaren iritzi eta hitza beti kontuan hartuz. Errespetuz aritu gara momenturo, eta desadostasunen bat egon den guztietan, hitz eginez eta ikuspuntu desberdinak kontuan hartuz konpondu ditugu.
Egia da hasieran nahiko galduta ibili ginela, ez genekielako zein ildotatik jo aniztasuna lantzeko; baina pixkanaka-pixkanaka forma hartzen joan da gure lana, bukaerako emaitza lortu dugun arte.


Hori horrela, ikasturtearen bigarren zati honen nondik norakoa azaltzera igaroko naiz:


Lauhilekoari hasiera emateko aniztasunari buruzko tailer bat izan genuen Tabakaleran, eta hemen txertatuko dudan link honetan (https://uxuerezolatic.blogspot.com/2019/01/tabakalerako-tailerra_31.html) nire blogean dagoen hausnarketa zabalago bat irakurri ahal izango duzue. Laburpen gisa, aipatu nahiko nuke tailerrak, orokorrean ez zidala aniztasunari buruz nuen ideia aldatu, baina aniztasuna ulertzeko modu desberdinak daudela konturatu nintzen; bestalde, asko harritu ninduen ez ginela gai izan “arrotz” hitza definitzeko, bakoitzak bere modura ulertzen baitu. Hala ere, esan beharra dut tailerrean gidari gisa izan genuen hizlariak ere eragin handia izan zuela nigan, ez baitzitzaidan asko gustatu nola azaltzen zituen gauzak, eta ez nintzen oso gustura eta eroso sentitu.


Jarraian, UNRWA elkartekoak ere etorri zitzaizkigun bi eguneko gizarte eraldaketarako jardunaldiak burutzera. Lehenengo egunean hitzaldi ugari izan genituen eta bigarrenean tailer desberdinak egiteko aukera izan zuten nire taldekideek, ni ezin izan nintzelako bertan egon. Beraz, atal honetan esan dezakedana hitzaldien ingurukoa izango da, nahiz eta tailerren hausnarketa nire blogeko sarrera honetan (https://uxuerezolatic.blogspot.com/2019/02/unrwa-gizarte-eraldaketako-jardunaldiak.html) duzuen eskuragarri. Esan beharra dut, hitzaldi guzti hauek aniztasunaren inguruan sakon hausnartzera bultzatu gintuztela bai ni eta baita taldekideak ere, baina niri bereziki garrantzitsuak iruditu zitzaizkidan artearekin zerikusia zuten hitzaldiak; izan ere, gaur egun garrantzi nahiko txikia ematen zaio arteari hezkuntzan, eta argi ikusi nuen baliabide artistikoek izugarrizko indarra eta boterea dutela, gizarte eraldaketarako oso beharrezkoak iruditzen zaizkidanak.


Bestalde, IKTekin zerikusia duen hitzaldi bat ere izan genuen. Berritzegunetik Sagra etorri zitzaigun haren lana azaltzera, eta teknologia berriek haur hezkuntzan eta egunerokotasunean daukaten garrantzia azpimarratzera. Niri pertsonalki ez zitzaidan asko gustatu hitzaldi hau, teorikoegia iruditu zitzaidalako. Beste era praktiko batean planteatua egongo izan balitz, oso erabilgarria gertatuko litzaidake gai oso interesgarriak atera baitziren.
Hala ere badira pare bat ideia, buruan sartuak geratu zitzaizkidanak eta blogeko sarrera honetan (https://uxuerezolatic.blogspot.com/2019/02/cronica.html) sakonago azaltzen direnak: alde batetik gaur egungo teknologia berriek ematen duten lasaitasuna (gauzak eta informazioa errazago eskura daitezke), eta orokorrean irakasleek IKTekiko duten jarrera itxi edo ezkorra dela ohikoena gaur egungo ikasgeletan.


Aniztasuna sakonago lantzen laguntzeko, unibertsitatean bertan izan genituen Calcuta Ondoan elkarteko kideak ere. Oso jardunaldi egoki eta eramangarria iruditu zitzaidan, benetan erabilgarria nire etorkizunerako, teoria lantzearekin batera ariketa praktikoak egiten joan ginelako. Link honetan (https://uxuerezolatic.blogspot.com/2019/02/calcuta-ondoan.html) hausnarketa sakonagoa duzuen arren, aipatu beharra dut pena bat izan zela taldeka banatu eta bakoitzak tailer bakarra burutzea, denok dena egin beharrean, oso interesgarriak izan baitziren ekintza praktiko guztiak; hori horrela izan balitz, aniztasunari buruz daukadan ideia zabaldu eta gaian gehiago sakontzeko aukera izango nuke.


Martxoaren lehen egunean izan genuen jardunaldia, niri gehien gustatu zaizkidan bi hitzaldietako bat da, PAUSOKA elkarteak eskaini ziguna, alegia. Bertan, Maiteder etorri zitzaigun bere bizipenak eta istorioa bi ikuspuntu desberdinetatik kontatzera: irakasle gisa eta premia bereziak dauzkan haur baten ama gisa. Hitzaldi honek asko mugitu zizkidan barrenak, eta sarrera honetan (https://uxuerezolatic.blogspot.com/2019/03/pausoka-inklusioaren-bidean.html) hausnarketa osoa duzuen arren, ezinbestekoak iruditu zitzaizkidan bi ideia bat aipatu zituen Maitederrek: haur horientzat beharrezkoa dela curriculuma egokitzea, eta gu etorkizuneko irakasle bezala, bere egoeran dauden gurasoei gauzak errazten saiatu behar garela, haiek gau eta egun dihardutelako borroka konstante batean.


Bestalde, Carlos Santamaría eraikinean Euskal Herriko terrorismoaren biktimen inguruko tailer bat egitera joateko aukera izan genuen, non bideo batzuk ikusi eta gero hausnarketa bat egin genuen. Nire blogean sakonago azaldua badago ere, (https://uxuerezolatic.blogspot.com/2019/03/memoria-plaza.html) nik pertsonalki tailer horretatik ateratako ondorio nagusia honako gau da: gaia nahiko arrotza egin zitzaidala eta ez nekiela asko gaiaren inguruan, nire hezkuntza prozesuan ez dudalako inoiz honen inguruko informaziorik jaso. Isilarazia izan den historiako zati bat bezala definituko nuke, gai tabu bat bezala.


Azkenik, gehien gustatu zitzaidan hitzaldia izan genuen. Bertan, NAIZEN elkarteko kide batek transexualitateari buruzko hainbat kontzeptu teoriko eman zizkigun bere bizipenetan oinarrituta, eta Luarrek (unibertsitateko ikasle batek) bere istorioa kontatu zigun. Azpimarratu beharra dago askoz baliagarriagoa gertatzen zaidala pertsona bat haren bizipenak eta istorioa kontatzera etortzea, kasu honetan Luar etorri zen bezala. Horrek haiekiko enpatia sentitzen laguntzen dit, haien lekuan jartzen ikasten, eta nola sentitzen diren ulertuz, nire etorkizuneko ikasleei laguntza egokia emateko aukera eskaintzen zait. Hausnarketa sakonagoa irakurtzeko: https://uxuerezolatic.blogspot.com/2019/04/naizen.html


Bukatzeko, eta blogari itxiera emateko, eskerrak eman nahi dizkiet nire bloga irakurtzen joan diren guztiei, espero baitut nire hausnarketa eta ekarpenek zuei ere gai hauen inguruan pentsatzera eta hausnartzera bultzatu izana.

Mila esker!

Comentarios