TABAKALERA
Kurtsoa hastearekin batera eta aniztasunaren inguruan hausnartu nahian, tailer antzeko bat izan dugu aste honetan Donostiako Tabakaleran.
Tailerrak, orokorrean ez digu aniztasunari buruz genuen ideia aldatu, baina aniztasuna ulertzeko modu desberdinak daudela jabetu gara. Aniztasuna arlo edo modu desberdinetan landu daitekeela ikusi dugu, alegia. Hau da, aniztasuna arlo guztietan eta modu desberdinetan aurkitu dezakegula, nonahi.
Jarraitzeko, orokorrean aniztasunaren inguruan genuen ideiaren eta bertan ikusi genuenaren arteko lotura bat egitea zaila egin zaigu. Izan ere, erakusketak aniztasuna modu abstraktuan lantzen zuela iruditu zitzaigun. Hori dela eta, ikusitakoa ondo ulertzeko hausnarketa sakon bat egin behar dela uste dugu. Honekin batera ikusi dugu zentzumenen bidez ere aniztasuna transmititu daitekeela.
Landu genuen beste kontzeptu bat arrotzaren ideia izan zen. Hasiera batean konturatu ginen ez genuela oso argi arrotza zer zen definitzen, eta ulertzeko modu asko geneuzkala konturatu ginen. Arrotzaren esanahia ondo ulertzeko jarduera batean oinarritu ginen. Dinamika honetan, paper batean norberari arrotz sentiarazi zion egoera bat deskribatu behar izan genuen. Dinamizatzaileak, egoera guztiak altuan irakurri eta identifikatuta sentitu ginen bakoitzeko pauso bat atzera eman behar genuen. Dinamika amaitzean guztiak posizio desberdinetan geratu ginen eta espazioan zehar nahiko sakabanatuak. Oso lagungarria eta interesgarria iruditu zitzaigun lehen dinamika hau, gure artean identifikatuta sentitu ginelako.
Gustatu eta erakarri zigun beste gauza bat, erakusketan zegoen ispilua izan zen. Esaldi bat zegoen idatzita, eta esaldiko hitz hauek osatzen zuten ispilua: “etsaia gure galderan dago”. Honek esan nahi duena da, bakoitzaren ikuspuntuaren arabera neurtzen dela arrotza. Hau da, zeure burua oinarritzat hartzen baduzu bestea izango arrotza edo “desberdina”, baina, alderantziz beste pertsonan oinarritzen bagara gu izango gara arrotz hori, beraz oinarrian dago gakoa.
Erakusketan zehar beste jarduera bat egin genuen. Taldeka banatu ginen eta talde bakoitzak artelan bat aukeratu genuen (gehien gustatu zitzaiguna) eta gainerakoei artelanaren inguruko gure ikuspuntua azaldu genien. Guztiak gure ikuspuntua elkarbanatuz, konturatu ginen artelan bera ulertzeko modu ezberdinak daudela, eta horrek besteengatik ikasteko aukera zabalak eskaintzen dizkigula. Beraz, ariketa hau egitean agerian uzten da aniztasuna.
Sentimenduei dagokienez, arrotzaren jarduera izan zen gehien ukitu gintuena, lehen esan bezala, gure artean identifikatuta sentitu ginelako. Bestalde, arrotzaren inguruko erakusketan, bertan azaltzen ziren irudiak zirela eta inpotentzia eta atsekabea sentitu genuen gehienok, errealitatearekin lotura zuzena zuelako eta gure gizarteko egunerokotasunean maiz ikusi daitezkeelako horrelako egoerak.
Bukatzeko, tailer honek erakutsi digun gauza bat, lehenengo erakusketan adierazten zen bezala, ebaluaketarako bakoitzaren burua grabatzearen garrantzia izan da. Metodo hau oso baliagarria dela uste dugu, egiten ditugun akatsak behatu eta hauek hobetzeko aukera ematen duelako eta hau oso baliozkoa izan daiteke gure lanean, hain zuzen ere hezkuntzan. Horrez gain, tailer honekin ohartu gara denok sentitu garela arrotz noizbait. Azkenik, Tabakaleran egon ondoren konturatu gara artea oso lagungarria izan daitekeela Haur Hezkuntzan aniztasuna lantzeko. Haurrekin kontzeptu abstraktu hau lantzen hasteko modu bat marrazkia izan daiteke, marrazki hauen esanahiak ulertuz, denok desberdinak garela ohartaraziz.
Comentarios
Publicar un comentario