MEMORIA PLAZA
“gogora” Memoriaren, Bizikidetzaren eta Giza Eskubideen Institutua
Atzoko jardunaldian, terrorismoaren inguruko bideo batzuk ikusi genituen. Bideo hauetan, Euskal Herrian hain ezaguna den terrorismoaren biktimak ezagutu genituen. Gaia, ezaguna egin zitzaigun arren, gure ikasle ibilbidean, ez zaigu gai honen inguruan ezagutzarik transmititu, gizartearen eraginez soilik iritsi zaigu honi buruko informazioa, eta ez hezkuntza aldetik.
Familian eta lagunartean, gaiaren inguruan sakonki hitz egin ez dugun arren, noizbait hitz egin izan dugu inguruko errealitate bat izan delako, eta gaur egun ere presente dagoen gaia delako.
Hauetan, historian zehar erailak izan diren pertsonen familiartekoen testigantzak entzun genituen; ETA, GAL edo beste zenbait taldeen erasoz. Erailak izan ziren pertsona guztien eta haien gertuko jendearen dolua sentitu ahal izan genuen nahiz eta denbora pasa den hil zituztenetik. Alde batekoek nahiz bestekoek min berdina sentitu dutela badakite eta denak daude biolentziaren aurka, azken finean ez baitu ezer konpontzen edo aldatzen. Badakite hilketek ez dutela ezertarako balio izan eta hitza eta komunikazioa direla gauzak hobetzeko bidezkoenak. Bertan ikus daiteke aniztasuna, ideologia, biolentzia eta pertsona desberdinen artean.
Gaia isilpean eraman den arren, interesgarria iruditzen zaigu ezkutatua izan den guztia ondorengoei azaltzea, gure herriaren historia jakitea ezinbestekoa iruditzen zaigulako, etorkizunean aurre egiteko. Hala ere, Haur Hezkuntzan lantzeko zaila dela uste dugu, Lehen Hezkuntzan lantzea egokiagoa ikusten dugu, ipuin eta bideoen bidez. Bigarren Hezkuntzatik aurrera, historiako liburuetan azaltzen ez den arren, ikasleekin sakonki lantzea ezinbestekoa ikusten dugu, eta dena teoria bidez izan ordez, bideo edo pelikula desberdinen bitartez ere ikastea.
Gure gelako haurrei ere, zuzenki ez bada, gorrotoa eta biolentziarekin inora ez goazela irakatsi diezaiekegu.
Gure taldeak ondorio gisa hainbat ideia atera ditu, hala nola:
- Konturatu gara eskoletan historiaz erakusten digutela, baina orain dela urte askotako, eta ez gure herrialdean orain dela gutxi bizitakoa.
- Horren ondorio gisa, konturatu gara halako historiak isilaraziak edo ezkutatuak izan direla, eta badaudela gure eskualdeko historiari buruz gauza asko ez dakizkigula.
- Hezkuntzak erakutsi behar digu bai munduko historia bai eta gure herriak bizi izan duena ere. Hori izango da bide bakarra historia ez ahazteko eta gertakizun berdinak berriz ere ez errepikatzeko. Izan ere, HEZKUNTZA eta HITZA ezinbesteko tresnak bilakatu behar dira elkarbizitza hobea sortu eta horrelako egoeretara heldu beharrik ez izateko.
- Gorrotoaren inguruan pentsarazi digute. Bideoan azaltzen ziren pertsona guztiek errepikatzen baitzuten ez zutela gorrotorik sentitzen horrek bakoitzaren ondoeza besterik ez duelako sortzen eta aurrera egiteko oztopo bat besterik ez delako.
Comentarios
Publicar un comentario