NAIZEN

NAIZEN, Adingabe Transexualen Familien Elkartea da, eta gaurkoan transexualitatea eta hezkuntzaren inguruko hitzaldi bat eskaintzera etorri zaigu bertako kide bat; bestalde, Luar ere izan dugu gurekin, eta bere istorioa kontatu digu.

Hitzaldi hau, baliagarrienetako bat izan da guretzat, izan ere, transexualitatearen gaia orain dela gutxira arte ez zen naturaltasunez hartzen eta gure haurrekin lantzea eta bakoitza denaz ohartzea eta errespetatzea oso garrantzitsua dela uste dugu. Jaiotzen garenetik, bulba edo zakila edukitzearen arabera sailkatzen gaituzte, neska zein mutil garela esanez. Baina, errealitatean, ez datoz beti bat ditugun genitalak gure identitatearekin, hau da, benetan sentitzen garenarekin, eta hitzaldi honek hau ulertzen eta barneratzen lagundu digu.

Lehenengo zatian eduki teorikoago bat izan da, aita batek bere alabarekin izandako esperientziaz gain elkarteari buruz ere hitz egin baitigu. Haien helburuak zeintzuk diren garbi azalduz eta mito edo uste batzuk apurtuz. Baina bigarren zatia oso aberasgarria izan da, Luarrek bere esperientzia eta bizipenak kontatu baititu. Horrek haiekiko enpatia sentitzen lagundu digu, bere lekuan jartzen ikasten eta nola sentitzen den eta nola sentitu izan den ulertuz.

Hitzaldi hauek gogoetara eramaten gaituzte, gu etorkizuneko irakasle izango garenez oso garrantzitsua ikusten dugu gai hauei buruz entzutea eta formatzea. Askotan zaila egiten zaigu beraien lekuan jartzea gure inguruan horrelako kasurik ezagutzen ez badugu; horregatik oso garrantzitsua iruditzen zait honen inguruko informazioa izatea, eta lehen aipatu bezala, gaiaren inguruan formazioa jasotzea.
Kasu honetan ezinbestekoa ikusten dugu geletan sexua lantzea, dauden aukera guztiak azalduz, esanez badaudela bulba duten mutilak eta zakila duten neskak ere. Baina batez ere bakoitza den bezala izaten laguntzea eta hori errespetatzea, bakoitzaren izaera garatzen lagunduz eta ahalik eta baldintzapen gutxien jarriz. Aniztasunaren bidea txikitatik lantzen badugu, etorkizunean denak zoriontsuago biziko gara.

Comentarios