PAUSOKA, INKLUSIOAREN BIDEAN

Martxoaren lehenengo egunean, Pausoka elkarteko Maiteder gurekin bere bizipenak partekatzera etorri zen. Nire ustetan, hitzaldia oso interesgarria izan zen eta era berean, barrenak mugitzera ere iritsi zen.


Pausoka, premia bereziak dituztenei eta haien familiei erantzuteko sortutako elkarte bat da. Jarraian, Pausokako kide batek bere semearekin izandako esperientzia azalduko dizuegu.


Maiteder hezkuntza premia bereziak dituen haur baten ama da, elkarte honetako lehendakaria izan da urte askotan zehar eta PTa da (irakaslea), musika hezkuntza ikasi du. Honen haurdunaldia eta guztia zoragarri joan zen, Aimar jaio eta 15 egunera krisi epileptikoak edukitzen hasi zen arte. Plastikotasun neuronala zuela jabetu ziren, baina horri buruz zuten informazioa oso urria zen. Momentu horietan gaizki pasa zuela eta bakarrik sentitzen zela azaldu zigun Maitederrek, ez baitzuen aholakularitza egokirik jaso ezta adituen laguntzarik ere.


Haurrak medikuarengana joaten direnean, altuera, pisua eta burua (garuna) neurtzen zaizkie. Garuna neurtzen zaie, eta hazten bada ikaskuntza ematen delako izaten da, eta hazten ez bada ikaskuntzarik ez dagoelako; kasu honetan, Aimarrek, ez zuen ikaskuntzarik, haren garuna ez baitzen hazten ari.


Aimar, ASPACEn hasi zen ikasten, bere amak bertatik ateratzeko ordua zela ikusi zuen arte. Orduan, Aimarrentzat eskola baten bila hasi zen.
Eusko Jaurlaritzan nahiz eta teorikoki inklusioa bermatzeko laguntzak eman, haurrarentzat baliabiderik ez zegoela esan zioten, eta hainbat eskoletara deitzen hasi zen Aimarrentzat tokirik zegoen galdetuz.


Lehenengo, eskola publikoan ezetza eman zioten, ez zutela haririk mugituko Aimar hartzeko.
Bigarrenean, tokirik ez eta hurrengo eskolan ezetza jasotzen bazuen, toki bat egiten saiatuko zirela.
Eta azkenekoan, pozarren baiezkoa eman ziotenean, zoriontasunez gainezka egin, eta hunkitu egin zen Aimarren ama, baita bertako irakaslea ere. Aimarrentzat baliabideak eta guzti eman zizkien Maitederrek azken eskola honi, eta bertako irakasleek asko eskertu zuten.


Gainerako haurren gurasoei Aimar gelan egongo zela jakinarazterako garaian, ikusgarria ez den informazioa eman zien. Hau da, ikusgarria da gurpildun aulkian dagoela, beraz, egin zezakeena azaldu zien. Aurkezpena honako hau izan zen: “Aimar gelan sartu eta irribarre egitearekin gelako denak pozten ditu”. Gurasoek oso ondo hartu zuten Aimar haien seme-alaben gelan egotea.


Eskolan, ingurua prestatu zuten inklusioa eman zedin, eta denentzako eskola bultzatu zuten. Haurrek jolasak asmatzen zituzten Aimarrekin jolasteko eta horrez gain, Aimarren aulkiak eta gainerakoak probatzen ibiltzen ziren, gelakideei ere utzi behar baitzaie haien lagunen tresnak probatu eta haien tokian jartzen. Eskola egokitua egon arren, ikusi dugu gaur egungo gizartea ez dagoela moldatua gurpildun aulkian dauden pertsonentzat. Honako hau egunerokotasunean argi eta garbi ikusi daiteke mugikortasunerako espazioak ez daudela egokituak; adibidez, parkeetan, eraikinetarako sarbideetan...
Guzti honekin, Aimarrek, gauza asko lortu ditu, baina besteek are gehiago, aniztasuna aberastasuna baita. Bere ikaskideek Aimarrengandik asko ikasten dute eta gizarte inklusiboago batean bizitzeko beharrezko gaitasunak garatzen dituzte.


Ikasgaiei dagokienez, Aimarri, musika asko gustatzen zitzaion, eta berarentzat ordutegia berrantolatu zuten, eta kurtso guztietako musikako klaseetan sartu zuten. Amak, ordutegi malguen garrantzia azpimarratu zuten.


Dena edo ia dena egokitzen saiatzen gara, baina gizartea oraindik ez dago egokitua.


Guzti honez gain, irakasleak izango garenetik, puntu hauek azpimarratu zizkigun: 


  • Espezialistak izan behar garela, horrelako kasuak goiz detektatu daitezen.
  • Haur Hezkuntzan erabiltzen diren arreta goiztiarreko testak oso garrantzitsuak direla hauek antzemateko orduan. 
  • Haurrentzat urteroko irakasle aldaketak oso gogorrak direla. Gurasoekin egindako feedbacketan, haiek ez dakiten zerbait esatea ondo legokeela. 
  • Gurasoei gauzak errazten saiatu behar garela, ez dezala dena borrokatu behar izan. 
  • Ume bakoitzaren atzean familia dago, bizipenak daude eta horregatik HHri izugarrizko garrantzia eman behar diogu. Haur bakoitzaren garapenean (garapenaren psikologia) espezialistak izan behar gara, gurasoek ez baitute zertan dena jakin behar.

Eskolaz kanpoko arloari dagokionez, pasarte oso polit bat kontatu zigun. Aimar urtebetetze batera joan zen lehenbiziko aldiz. Maiteder beldur zen Aimar nola integratua izango zen eta margoak eraman zituen haurren aurpegiak margotzeko. Aurpegiak margotzen zegoen bitartean, Aimar bere ondoan zegoen baina orduan haurrak beregana hurbildu eta galdetu zioten ea Aimar jolastera eraman zezaketen. Behatzen zegoela, konturatu zen haurrek jolas bat asmatu zutela Aimarrekin jolastu ahal izateko. Maiteder, munduko pertsonarik zoriontsuena sentitu zen une horretan eta haurrengandik milaka gauza ikasteko dauzkagula ohartu zen.


Amaitzeko, esan behar dugu orokorrean beste edozein hitzaldi “teoriko” baina askoz ere baliagarriagoa gertatzen dela pertsona bat etortzen bada bere esperientzia eta bizipenak kontatzera, sentitu zuena transmititzera, gertutasuna eta konfiantza transmititzen baititu. Oso interesgarria izan zen, baina askotan ez gara konturatzen edo ez dugu ikusi nahi jende asko dagoela Maitederren lekuan, eta etorkizuneko irakasle bezala, halako gurasoen borroka hori erraztea izango da gure erronka nagusienetako bat.

Comentarios